XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendebaldeko mundua Balang Cho da eta eguzki itxura dauka.

Lu Phaken bezalaxe, jendea handia da eta bostehun urtez bizi izaten da, baina euren aurpegiak eguzki gisara moldatuak dira eta abere mota asko daukate.

Iparraldeko mundua lauki itxurakoa da eta Dra Mi Nyen dauka izena.

Hango jendeak aurpegi karratuak dauzka eta bost mila urtetik gora bizi izaten da.

Dra Mi Nyenen janaria eta ondasunak ugari dira.

Pertsonek bizitzako bost mila urteetan behar dituzten gauza guztiak neke eta sufrimendurik gabe eskuratzen dituzte.

Oparotasunean bizi dira, ezeren beharrizan barik, baina bizitzako azken zazpi egunak minetan eta gogo oinazez ematen dituzte, hiltzear dauden seinalea jasotzen baitute.

Ahots ikaragarri batek euren patua xuxurlatu eta heriotzaren osteko infernuetan nozituko dituzten oinaze izugarrien berri ematen die.

Bizitzako azken zazpi egun horietan ondasun guztiak galtzen dituzte eta aldi horretan gehiago sufritzen dute guk geure bizitza oso baten baino.

Dra Mi Nyeni Ahots beldurgarriaren lurraldea deitzen diote.

Hegoaldeko mundua, geurea, Dzambu Ling da.

Hastapenean gure munduan Rirap Lhunpoko jainkoak bizi ziren.

Orduko denboran ez zegoen ez sufrimendurik ez gaixotasunik, eta jainkoek ez zeukaten elikatu beharrik.

Zoriontsu bizi ziren eta denbora hausnarketa sakonean ematen zuten.

Ez zegoen argi beharrik ere, jainkoek eurek gorputz barrutik emititzen baitzuten argi garbia.

Egun baten, jainkoetako bat lurraren azalean esnegain antzeko substantzia bat zegoela ohartu zen; dastatu egin zuen eta oso gozoa iruditu zitzaion.

Orduan beste jainkoei ere dastatzeko esan zien.

Denei hain atsegina iruditu zitzaien elikagai berria, jan eta jan ibili ziren denbora luzean.